Proiektuaren alderdi orokorrak

DBH 4rako proposamen honek Euskara eta Gaztelania ikasgaiak barne hartzen ditu. Testu-tipoa da proiektuaren ardatz nagusia eta ebaluazio bakoitzean proposatutakoak bi hizkuntzetan landuko dira. Xede nagusia erreportaje digital bat grabatzea izango da ahozko zein idatzizko adierazpena lantzeko.

Erreportaje digitalean egingo diren unitate didaktikoek komunikazio-proiektu bat osatuko dute. Horren bidez, hizkuntza batean ikasitakoa bestera transferituko da.

Sekuentzietan landuko diren jarduerak hauexek dira:

  • Erreportajearen ezaugarriak ezagutzea (euskara).
  • Elkarrizketak osatzea (gaztelania eta euskara).
  • Hainbat gutun mota bereiztea ­­–eskaera-gutuna– (bi hizkuntzetan).
  • Ahozko aurkezpenak hobetzea (euskara eta gaztelania).
  • Hainbat baliabide digitalen ezagutza eta erabilera bermatzea.

Gaia

Aukeratutako proiektuak Sutondotik gelara du izenburua.

Erronka honi heltzeko gure herrian kokatuta dagoen adinekoen egoitzara joango gara. Bertan, elkarren arteko elkarrizketak, oroitzapenak eta abestiak jasotzeaz eta harremanak estutzeaz gain, une goxoak pasatzeko eta gozatzeko aukera paregabea izango dugu elkarrekin lanean aritzen garen bitartean. Ekimen honi etekina ateratzeko, egoki antolatu beharko dugu; izan ere, hainbat ekintza egingo ditugu, bai egoitzan eta baita ikastetxean bertan ere.

Hiru zeregin nagusi hartuko ditugu kontuan:

    1. Hasierako hitzaldia: proiektuari buruzko azalpen orokorra emango dugu.
    2. Antolaketa: gaiak zerrendatu, erreportajearen egitura eta ezaugarriak ezagutu, eskemak eta aurkezpenak prestatu, eta ardurak banatu beharko ditugu.
    3. Ebaluazioa: egindako lanaren auto-ebaluazioak eta talde-ebaluazioak egingo ditugu.

Lan-prozesuan zehar, erreportajearen barrunbe eta trikimailuak ezagutzeaz gain, eguneroko komunikabideetan (Interneten, egunkarietan, telebista-kateetan) azaltzen diren testuak erabiltzeko aukera izango dugu.

Halaber, erreportajeari bukaera emateko baliabide teknologikoek eskaintzen dizkiguten aukerak kontuan hartuko ditugu eta idatziak, grabazioak, bideoak eta horien muntaketa egiten ikasiko dugu.

Jarduera horietan jasotakoarekin, erreportaje digital bikaina prestatzea eta proiektatzea izango dugu helburu.

Antolaketa

Proiektua egoki bideratu ahal izateko, hiru kideko taldeak lehenetsiko ditugu, eta ikasle bakoitzari ardura bat zehaztuko diogu.

Proiektua zabala denez, antolaketa egokia eta erreala ezinbestekoa izango da. Horregatik, ardura hauek banatu beharko ditugu aurretik osatutako taldeetan:

      • Idazkaria: idazteaz eta taldearen materiala jasotzeaz arduratuko da.
      • Bozeramailea: gelakideei zein irakasleari adierazi beharko die zer lan egin duten.
      • Koordinatzailea: ziurtatu beharko du egin beharreko jarduerak burutzen direla.

Talde bakoitzak, hortaz, erreportaje bana egingo du.

Bi hilabete inguruko lan-proposamena da hau. Hala ere, ez da ahaztu behar malgutasun osoa dagoela sekuentziak erabiltzeko garaian, independenteki ere erabil baitaitezke. Kasu honetan, jarduera bakoitza egoki garatzeko egutegi erreala osatu dugu (ikus 17. eta 18. orrialdeetako taula).

Sarrera
Proiektuaren ardatz komuna (HTB)